Artea eta komunikazioa basoari buruz hausnartzeko

Artea eta komunikazioa basoari buruz hausnartzeko
2023/02/24 11:11
eta kitto!
EHUko Arte ederretako irakasleek, ikasleek, ikerlariek eta langileek osatzen duten Artekom ekimenak ‘Bizia zaintzen. Basoa – biodibertsitatea – bizitza’ izeneko egitasmoa eskainiko du herrian. Basoari buruz hausnartzea dute helburu eta, horretarako, artea eta komunikazioa ardatz izanda, erakusketa, mahai-ingurua eta eztabaida-hitzaldia antolatu dituzte.

 

Gaur bertan emango zaie hasiera Artekomek antolatutako ekintzei, 19:00etan, Portalean martxoaren 26ra arte egongo den erakusketarekin. “Erakusketako piezak Eibarrerako propio sortu ditugu”, esan digu Carmen Marin Ruiz Artekomeko koordinatzaileak. “Orain arteko erakusketetan ingurumenaren trantsizioaren arazoa landu izan dugu eta artista bakoitzak bere begirada eskaini izan du, baina oraingoan ezberdin jokatu nahi izan dugu. Horrela, jendearengana hobeto heltzeko, erakusketa egingo den tokiaren arazoen inguruan hausnartu nahi izan dugu. Eibarren, adibidez, Zaldibarko zabortegiarekin arazoa egon da eta hondakinen gaia oso garrantzitsua da, baina Eibarko eragileekin berbetan, basoen inguruan jardutea erabaki dugu, basozaleen taldea dagoelako. Basoa ez da toki eder eta berdea bakarrik, bizia sostengatzen duen gunea baizik”, argitu digu.

Gauzak horrela, basoari buruzko hausnarketa proposatzen duten piezen eta esku-hartze artistikoen erakusketa kolektiboa hasiko da gaur. Susana Jodra, Mikel Arce, Jose Angel Lasa, Josu Rekalde, Pilar Soberon, Mikel Garate, Josemari Herrera, Cristina Miranda, Nerea Legarreta, Lidia Rekagorri eta Miriam Loidi artisten lanak egongo dira ikusgai eta, artearen hizkuntzaren bidez, gaiaren inguruko ikuspegi ezberdinak planteatzen dituzte. “Artea ingurugiroaren arazoari begira jartzeko abiatu genuen proiektua. Arteak joera intimista eta autoerreferentziala du, baina gizatasunaren momentu honetan zer egiten ari garen eta zer egin behar dugun pentsatu beharko genuke”, koordinatzailearen ustez. “Beraz, Arte Ederren fakultatean foroa sortzeko ideia izan genuen, gai honen inguruan lan egin nahi duten ikasleek gaian lanean dabilen jendea aurki dezaten. Horrela, bidea erakutsi eta gai hauei buruz berba egiteko estrategia artistiko batzuk beste batzuk baino aproposagoak direla azaltzen diegu. Koherentzia gehiagorekin zorrotzak izaten, ez gastatzen, gauzak berrerabiltzen eta arrasto ekologikorik ez lagatzen saiatzen gara”, gehitzen du Carmenek.

Pieza grande (2) nerea legarreta

OLYMPUS DIGITAL CAMERA OLYMPUS DIGITAL CAMERA

mikel arce josu rekalde

Mahai-ingurua

Martxoaren 15ean, 19:00etan, ‘Basoa. Artea eta ekologiaren ikuspuntutik’ izeneko mahai-ingurua eskainiko dute Portalean, eta Mikel Jauregi Oregi Eibarko Baso Biziak elkarteko kideak, Mikel Garate Arakama artista eta EHUko irakasleak eta Jose Angel Lasa Garicano eskultorea eta EHU irakasleak egingo dute berba. “20 minutu inguruko hitzaldia eskainiko du bakoitzak”, Marin Ruizen berbetan.

Koordinatzaileak azaldu digunez, “Mikel Jauregik naturzaleen eta basoen aditu baten ikuspuntua emango du”. Gero, Mikel Garatek egingo du berba. “Berak artea eta bizitza uztartzen dituen bizi-proiektua du martxan. Hau da, etxebizitza mendian du eta bertan zegoen eukalipto guztia kentzen dihardu bertako zuhaitzak landatzeko. Epe ertain-luzerako proiektua da eta, artearen ikuspuntutik lan egiteko balio izateaz gain, bizitzeko balio dio”. Azkenik, Lasari buruz egin digu berba Marin Ruizek: “Oso eskultore ezaguna da eta basoarekin dituen bizipenen inguruan egingo digu berba. Hori bai, berak ez dio basoa deitzen, mendia baizik. Mendia zer den, mendian bizi direnentzat nolako esanahia duen... Mendiak bere ibilbide profesionala markatu du. Gainera, Lasak ez du egurrarekin lan egiten, ezpalarekin baizik. Hau da, bere lanak egiteko ez du ezer mozten, eroritako zatiak erabiltzen ditu. Adibidez, ekaitz baten ostean eroritako zuhaitzak. Beti joaten da mendira materialen bila, beste material batzuk ere erabili arren”.

 

Eztabaida-hitzaldia

Martxoaren 22an, bestetik, Julia Marti Comas feministak eta Politika Zientzietan doktoreak eztabaida-hitzaldia eskainiko du ‘Aginte korporatiboen aurkako ekofeminismoaren gidaliburua’ izenburuarekin, 19:00etan, Portalean. “Basoak bizitzaren sostengatzaile moduan duen alderdiari garrantzia eman nahi genion eta mugimendu ekofeministaren interesekin lotura zuzena du, bizitza ekintza guztien erdigunean jarri behar dugulako”, azaldu digu Marin Ruizek. “Korporazio handiei aurre egin dien mugimendu ekofeministak ezagutu ditugu munduko hainbat tokitan eta Marti Comasek horren inguruko liburua idatzi du”.

Arte Ederretako fakultateko kideez gain, Komunikazio fakultateko kide batzuk ere parte hartzen dute Artekomen eta horietako batek, Iñaki Barcenasek, bideratuko du saioa.

Hitzaldiaz gain, antolatzaileek herriko mugimendu feministaren lekukotzak eta ikuspuntuak jaso nahi ditu eta euren parte-hartzea bultzatzeko prest agertu dira. “Eibarko mugimendu feministak demaseko tradizioa du eta oso finkatuta dago herrian”, esan digu koordinatzaileak.