Artesanos Juantxo Eibar Saskibaloiak 69-64 irabazi zion Easori, Unax Garcia gogoratuz

Artesanos Juantxo Eibar Saskibaloiak 69-64 irabazi zion Easori, Unax Garcia gogoratuz
2023/12/05 10:10
eta kitto!
Ipurua kiroldegian asteburuan jokatutako partiduan, Eibar Saskibaloikoek gogoan izan zuten orain dela egun batzuk herrian hildako Unax Garcia gaztea, “futbolaria alebin mailan gurekin jokatu izan zuelako saskibaloi eskolan”. Hori dela-eta, klubetik Unaxen familiari, lagunei eta Urki futbol taldekoei euren samina erakusteaz gain, saskibaloi partiduaren aurretik minutu bateko isilunea gorde zuten. Behin partiduari helduta, Eibarko taldeak neurketa ona egin zuen, bikainera ez bazen heldu ere, batez ere bigarren zatian gehiegi erlaxatu zelako. Lehenengo zatiko bigarren tartean Artesanos Juantxo Eibar Saskibaloiak defentsan egindako lan bikainak (25-8 alde) atsedenaldira 42-27 aurretik joatea ekarri zien etxekoei. Azken laurdenean donostiarren gehiago estutu zituzten eibartarrak, baina hauek behar zuten kontzentrazioari eutsiz bost punturengatik irabazi zituzten (69-64).