Artesanos Juantxo saskibaloi taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu du

Eibar Saskibaloiaren gizonezkoen senior taldeak 79-71 irabazi dio Easo Basket Iramendiri Ipuruan
Artesanos Juantxo saskibaloi taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu du
2026/10/07 16:59
Ekhi Belar Errasti

Artesanos Juantxok badaki dagoeneko zer den denboraldi honetan irabaztea. Eibar Saskibaloiaren gizonezkoen senior taldeak 79-71 menderatu zuen Easo Basket Iramendi larunbatean Ipurua kiroldegian, lehen jardunaldian Elorri Aldaparen aurka 58-54 galdu ostean.

Eibartarrek partida landu batean lortu zuten garaipena, batez ere atsedenaldiaren ondorengo jokoan haziz. Minutuak aurrera joan ahala, Artesanos Juantxo bere erritmoa ezartzen joan zen eta bigarren zatian norgehiagoka bere alde erabakitzea lortu zuen.

Anderson nabarmendu zen erasoan, eta Iker Benítez izan zen defentsako erreferenteetako bat. Mikel Lekunberri entrenatzaileak ere lan ona egin zuen, partidaren planteamenduan eta txandaketan asmatu baitzuen.

Horrela, Artesanos Juantxok garaipen batekin eta porrot batekin itxi ditu Lehen Probintzialeko lehen bi jardunaldiak. Taldeak atseden hartuko du orain, zubia dela eta.

 

Emakumezkoak eta harrobia

Emakumezkoen senior taldeak, berriz, ezin izan zuen garaipenarekin hasi Bigarren Probintzialeko liga. Eibartarrek 39-42 galdu zuten Astigarragako Mundarroren aurka Ipuruan, partida oso parekatuan. Azken minutuetara arte borrokan aritu ziren eta aldea xehetasun txikiek erabaki zuten.

Beheko mailetan, gizonezkoen infantil taldeak 48-73 galdu zuen Bera Beraren aurka. Eibartarrek lehen laurden ona jokatu zuten eta 13-12 irabazten amaitu zuten, baina kanpoko taldeak kontrola hartu zuen ondoren. Xabik 21 puntu eta Kenai 12 lortu zituzten. Taldeak hobetu beharrekoen artean defentsa eta defentsako errebotea aipatu ditu, aurkariari bigarren aukerak ematea saihesteko.

Gizonezkoen junior taldeak ere galdu egin zuen denboraldiko lehen partida, lau puntuko aldearekin.