Artisautza eta jatekoei eskainitako azoka zabalik Urkizun
Gaur (eguena, hilak 16) zabaldu dute domekara arte martxan egongo den V. Zapore-Artisautza Azoka Urkizuko parkean. Aurreko edizioetan Untzagan egin duten moduan, oraingoan ere bertako saltzaileek Espainiako eta atzerriko hainbat tokitako artisautza eta orotariko produktu gastronomikoak eskaintzen dituzte. Gainera, produktuetako batzuk ezagutzera emateko zuzeneko erakustaldiak egingo dituztela aurreratu dute. Berritasun modura, aurreko urteetan arrakasta haundia izan duen olagarro-txosnarik ez dute ipiniko, aurreko asteburuan Galiziako jaien harira nahikoa olagarro jateko aukera egon delako eta, horren ordez, teteria ipintzea egokiago ikusi dute antolatzaileek. Horrekin batera, umeendako magia ikuskizunak eskaintzeko asmoa dute. Gaurtik hasita egunero goiz eta arratsaldez zabalduko dute azoka, goizez 11.00etatik 14.30etara eta arratsaldez 17.00etatik 22.00etara.