Asier Cuevas 100 kilometroko Europako txapelketan izango da bihar

Asier Cuevas 100 kilometroko Europako txapelketan izango da bihar
2013/04/26 00:00
eta kitto!

Eibarko ultrafondistak Frantziako Dordoñako Belvés herrian jokatuko den proban orain arte duen marka pertsonala hobetzen ahaleginduko da. 6 ordu, 38 minutu eta 56 segundoko denbora hori izena eman duten 600 atleten arteko onenetakoa da. Izan ere, iaz 4. postuan sailkatu zen Italian jokatutako Mundialean, proba horretako kilometro gehienetan lehen eta bigarren postuan joan eta gero, azken kilometroetan pixka bat behera egiteko. Aurretik Espainiako txapela jantzia zuen Cuevasek. Itxaropentsu ekingo dio lasterketari, azken egun hauetan lunbalgia bat zela-eta atsedena hartu behar izan badu ere. Ibon Esparzaren laguntza izango du hasierako 40 kilometrotan gutxi gorabehera, baina hain distantzia luzeetan zaila da jakitea gorputzak zelan erantzungo duen. Probaren perfila laua da, baina azkenean kilometro eta erdiko aldapari egin beharko diote helmuga kokatuta dagoen gaztelura sartu aurretik.