Asola Berriko hiru bolari sailkatu ziren sei lehenen artean Markinako tiraldian
Sailkapen orokorrean Angel Ibarluzea elgoibartarrak jarraitzen du gorenean, 22 txirlorekin, eta Asola Berriko Sergio Rodríguez bigarren da, bost txirlora. Emakumezkoetan oso lehia estua dago Aitziber Olaizola elgoibartarra eta Asola Berriko Olatz Rodriguezen artean, une honetan txirlo bateko aldeaz Elgoibarkoaren alde. Bikotekako sailkapenean, Asola-Berríko Bittor Ugarteburu eta Bittor Astigarraga bigarren postuan jarraitzen dute, eta gauza bera gertatzen da taldekakoan, Elgoibarko San Miguel A-k tarte txikiarekin jararitzen duelako Asola Berri A taldearen aurretik.
Euskal Herriko 33. Hiru Txirlo Bola Jaurtiketaren finala datorren zapatuan (azaroak 18) jokatuko da, kasu horretan arratsaldean izan beharrean goizeko 12.00etan hasiko den tiraldiarekin. Itziarko Lasturko bolatokiak hartuko du jardunaldi hori eta bertan erabakiko dira aurtengo garaileak. Bola jaurtiketa-saioaren ondoren, errekortariak eta herri bazkaria izango dira, bazkalostean txapelketako sari emate ekitaldiaren aurretik.