Asola Berriko ordezkariak onenak izan ziren etxean jokatutako tiraldian

Asola Berriko ordezkariak onenak izan ziren etxean jokatutako tiraldian
2023/03/14 eta kitto!
Aurreko zapatuan hasi zen Gipuzkoako 52. Hiru Txirlo bola-joko txapelketan, 70 bolari izan ziren parte hartzen Asola Berrin jokatutako lehen tiraldi horretan. Eta etxekoek, bolatokiari neurria ondo hartu diotela erakutsiz, lehenengoko postuak bereganatu zituzten. Garikoitz Rodriguez izan zen onena, zortzi txirlorekin, eta atzetik sailkatu ziren, seirekin, Alex Campos taldekidea eta San Andreseko Lander Odiaga. Eta bost txirlorekin izan ziren jarraian Asola Berriko Pedro Gomez, San Joxepeko Mikel Urkia eibartarra eta Lasturreko Joseba Lazkano. Ganix eta Sergio Rodriguez ere onenen artean amaitu zuten, lau txirlorekin.

Bestelako sailkapenei begiratuta ere, txapelketako lehen jardunaldian emandako eibartarren nagusitasuna erabatekoa izan da. Horrela, taldeka Asola Berri A da nagusi, 25 txirlorekin, Floregaa bigarrenari hamar txirloren aldea aterata. Binaka Ganix Rodriguez eta Alex Camposek osatutako bikotea izan zen onena, Gari eta Arkaitz Rodriguezek osatutakoa eta Pedro Gomez eta Gorka Unamunok osatutakoa hirugarren eta laugarren sailkatuz. Eta, aurrekoa gutxi balitz, emakumezkoetan Olaitz Rodriguez eta Jone Perales eibartarrak dira lehen bi postuetan, eta beteranoetan Pedro Gomez dago gorenean. Datorren zapatuan Bergarako San Joxepe bolatokian jokatuko da txapelketako bigarren jardunaldia, betiko lez, 17:00etan hasita.