Aste ekologikoa zapatuko azokarekin hasiko da
Debabarrenako II. Aste Ekologikoa antolatu dute Biolur eta Debemenek, eskualdeko udalek lagunduta eta horren harira hainbat jarduera garatuko dira Eibarren eta inguruko herrietan. Lehena bihar (zapatua, hilak 21) 09.00etatik 14.00etara Urkizuko parkean egingo den azoka izango da. Bertako postuetan, Txillarre (Elgoibar), Doniene (Itziar), Lonbide (Aramaio), Ekoalboraz (Elgoibar) eta Zuloeta (Arrasate) baserrietako barazkiak eta Sosola (Eibar), Pikunieta (Antzuola), Aldabazar (Tolosa) eta Idiazabalgo Joseba Saezen ogia eta gaztak erosteko aukera egongo da. Horrekin batera, Aza ta Porrua eta Biolur elkarteek gaiarekin interesa dutenentzat informazioa banatuko dute eta 11.00ak aldera Gozogintza tailerra eta erlezaintzari buruzko erakusketa hasiko dira.
Aste ekologikoaren harira, bestalde, datorren eguaztenean 19.00etan Zergaittik nekazaritza ekologikua? hitzaldia emango dute Maite Aristegi, Enrike Gisasola eta Nerea Arrizabalaga baserrittarrek Elgoibarren (kultur etxean). Eta eguenean abeltzantza produktuen inguruan jardungo dute Deban. Izena emateko edo informazio gehiagorako 943761447 telefono zenbakira deitu.