Aste honetan egingo da Udalak eta Debegesak antolatutako “Made in Eibar” doako lehen bisita gidatua
Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez eta Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, bisita gidatuak antolatu ditu udarako, eta lehena aste honetan, abuztuaren 1ean izango da, 18:30etik 20:00etara.
Bisita hauetan ibilaldi bat egingo da herriko erdigunean zehar, eta Nerea Alustiza historialari eibartarrak herriaren historiari eta ondare industrialari buruzko azalpenak emango ditu. San Andres parrokiako plazan hasi eta Estaziño kalean amaituko dira. Saioak doakoak dira eta interesa dutenek San Andres parrokiara hurbildu beharko dute 10 minutu lehenago.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilaldietan Eibarrek Gerra Zibilean izan zuen aldaketa gogorra eta ondoren gertatu zen susperraldia kontatuko da, eta erreferentzia egingo zaie herriko enpresa enblematiko batzuei, hala nola El Casco, Lazpiur, Aurrera edo BH.