Aste Santua 2024: mendia eta xendazaletasuna Klub Deportiboarekin
Aste Santu honetan Eibarko Klub Deportiboak bost eguneko txangoa prestatu du Gredosko mendikatera eta Tietar Haranera, 28an, ostegun santuz irten, eta, astelehenez itzuli, apirilaren 1ean. Aurten berritasun bezala, bi hautabide izango ditugu egunero: bata, mendikoa eta bestea, xendazaleen edo biderzidorlariena. Horrela, Klubaren ohiko txangoen maila aldarazten dugu, bidezidorren aukera eransten dugula lasaiago ibili nahi duten mendizaleentzat, gailurretara igo gabe, herri eta herrixkak eta bertako paisaiaz astiro gozatu gura dutenentzat. Hautabideetako edozeinetan, esan, ibilaldiak Avilako probintzian gertatzen direla, hain zuzen, eta, nagusiki, Gredos mendikatearen hegoaldeko isuri aldean.
Gailurretara igo nahi duten mendizaleek Alto de la Hoya (2.134 m), Pico Torozo (2.021 m), La Fría (1.983 m), La Mira (2.343 m.) eta Morezón (2.389 m) erpinetara jo dezakete. Igoera hauetan altxatu beharko den desnibela 800etik 1300 metro artekoa da.
Bidezidorlarien ibilaldiek GR-180aren zati bat zapalduko dute, Tietar haranaren ibilbidea. Herriz herri joango dira, beti ere Gredosko granitozko mendi tzarraren ikuspegiak osterei halako mendi-kutsu bat ematen dielarik. Nekazari bideetatik doazen osterak izango dira bada, edota basabideetatik edo errege abelbidetan barrena berealdiko aberastasun handiko ondare, kultura eta etnografiaz goza dezaketela. Nekazaritza-paisaiak beste atal erakargarria izan daitezke ibilbide hauetan, non olibondoak, pikondoak, mahastiak, intxaurrondoak, begiztatuko baititugu, ahantzi gabe, gereziondoen ikuskizuna, euren udaberri-loratzea izanik. Jerte ibarrarekiko hurbiltasunak hemen ere han duten mikroklimaz gozatzea dakar, zalantzarik gabe, aipaturiko fruta-arbolaz, zeinetan 50 mota baino gehiago loratzen baitira haran honetan zehar.
Bidezidor eta xenda-ibilbideek 15 kilometroko batez besteko luzera dute, bildutako igoera-desnibela 400 metrokoa izango delarik.
Izen-ematea irekita dago jadanik eta, kontuan izanik ostatu-lekua mugatua dela, interesa duzuen pertsonoi gomendatzen dizuegu klubera jotzeko edo deitzeko ondoko telefonora: 943 201904, beti ere astearte eta ostegunetan.