Aste Santuko sei jaiegunetarako greba iragarri dute Avanza autobus enpresako langileek

Oraingoz, 18 eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean 10 orduko ordu murrizketa besterik ez du eskaini
Aste Santuko sei jaiegunetarako greba iragarri dute Avanza autobus enpresako langileek
2025/04/11 12:15
eta kitto!
 

"Lanaldiaren arloan akordioak lortzeko enpresak duen borondate eza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresarekin duen konplizitatea ikusita", Avanza autobus enpresako ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek beste 6 greba egunetarako deia egin dute, apirilaren 16tik 21era. (Iturria: drogetenitturi.eus)

Atzo, martitzena, Avanzako Enpresa Batzordeak prentsaurrekoan gogora ekarri zuenez, "berriki salatu" dituzte "Lan Ikuskaritzan Avanza enpresako (Lurraldebus) gidarien gehiegizko lanaldiak". Datutan, diote "hitzarmenean jasotako urteko 1.650 gidatze orduei beste 200 lan ordu baino gehiago gehitu" behar zaizkiola, "urtean guztira 1.870 lanordu izateraino kasu batzuetan".

Avanza beste bost urtez

Esandakoaren arabera, Ikuskaritzak, besteak beste, lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu die aldeei, "baina oraingoz, 18 eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean 10 orduko ordu murrizketa besterik ez du eskaini" eta Langile Batzordearen ustez hori "proposamen guztiz eskasa" da.

Bada, gainera, diote testuinguru hau izanda ere, "beste bost urtez luzatu zaiola" Avanzari autobus zerbitzu publikoaren kontzesioa eta uste dute "onartezina" dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. "Erabaki honekin enpresa saritzen ari da, eta lanaldiaren erregulazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio", salatu dute.

Horrekin batera, autobusen egoera ere ekarri dute mahai-gainera, esanez, "Avanza enpresak Lurraldebusen kontzesioa kudeatzen duenetik, flotak okerrera" egin duela.

Greba mugagabea

Bestalde, "Avanza enpresako langileek garraio publikoaren kostuaren murrizketa txalotu" egin dute, eta "herritar guztientzako doako eta kalitatezko garraio baten aldeko apustua" egiten dute, baina azpimarratu dute hori ezin dela "plantillaren lan baldintzen eta flotaren narriaduraren" kontura izan.

Horregatik guztiagatik Foru Aldundiari eskatu diote datozen sei eguneko greben ondoren gatazkari "irtenbidea" emateko, eta bestela, euren protestak gogortzea beste aukerarik ez dute ikusten. "Adierazitako arazoei irtenbidea emateko gai ez badira, udan greba mugagabea hasteko aukera dago".