Asteburu beltza izan da SD Eibar-en lehen taldeentzat
F Ligan jokatzen duen SD Eibar-ek 4-0 galdu zuen atzo, maiatzak 3, Atletico Madrilen aurka. Dena dela, eibartarrek eskura dute mailari eusteko aukera, izan ere, hurrengo jardunaldian Alhamari Ipuruan irabazi gero, matematikoki lortuko luke salbazioa (ematen diren emaitzen arabera, berdinketarekin ere nahikoa izan daiteke).
Alhamaren aurkako partida larunbatean jokatuko da, maiatzak 9, 16:00etan, eta Iñaki Goikoetxearen taldeak lau lan-saio egingo ditu neurketa prestatzeko: gaur bertan (11:30), asteazkenean (12:00), ostegunean (11:30) eta ostiralean (12:00), Areitioko kirol-hirian.
Kolpea Ipuruan
Bigarren Mailako gizonezkoen taldea bolada zoragarrian iritsi zen larunbatean, Ipuruan, Malagaren aurkako partidara. Galtzen hasi arren, markagailuari buelta eman zion, baina andaluziarrek bigarren zati ikusgarria egin zuten eta 2-4 gailendu ziren, sailkapen orokorrean aurrea hartuz.
Porrotak bolada ona mozten duen arren, eibartarrek baikor begiratzen diote etorkizunari eta igandean, maiatzak 10, play-off postuetara iristeko aukera izango dituzte Mirandesi irabaziz gero, Malaga 6. sailkatua bi puntura baitago.
Partida 18:30ean hasiko da, Anduva zelaian, eta bihartik larunbatera eibartarrek egunero egingo dituzte lan-saioak Areition (11:00etan, ateak itxita).