Asteburu betea Astelenan eta etxetik kanpo Deporreko pilotarientzat
Partidaz gainezka dator beste behin Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordearen asteburua. Eskuzko zein gomazko paletako modalitateetan, etxean eta kanpoan izango dituzte hitzorduak pilotari armaginek, Gipuzkoako eta Herriarteko Txapelketetako norgehiagokak bete-betean dauden honetan.
Asteroko jaialdiak bihar, maiatzak 8, hartuko du abiapuntua Astelena pilotalekuan, arratsaldeko 18:30ean. Lehen neurketan, errendimenduko haur mailako Udaberri Txapelketan, Arrieta eta Agote eibartarrek Azpeitiko Ilunpe klubeko bikotearen aurka jokatuko dute eskuz binaka.
Ondoren, gazte federatuen txanda izango da. Del Rey armaginak Tolosako Artola izango du aurkari Gipuzkoako 4 t’erdiko Txapelketako hirugarren jardunaldian.
Senior mailan ere izango da ikuskizunik Astelenan. Maiatzaren 10ean, arratsaldeko 16:00etan, Condek Zegamako Matxinandiarena izango du aurkari 4 t’erdiko lehian. Maila berean, Ibarrak Azpeitiko Odriozolaren aurka neurtuko ditu indarrak kaiolan, eta kadeteetan, Amillategik etxean hartuko du Lasarteko Jauregi.
Etxetik kanpo ere agenda bete-betea izango dute Deporreko pilotariek. Arriola eta Segurola alebinek gaur jokatuko dute Seguran; Gil kadeteak Arrasaten izango du hitzordua; Lizarralde eta Saez infantilek Usurbilen jokatuko dute ostiralean; eta Amuategik igande goizean Tolosako Beotibarren jokatuko du Altunaren aurka.
Herriarteko Txapelketak ere protagonismoa izango du asteburuan. Eskuzko modalitatean, Andoainen jokatuko dute itzulerako kanporaketa ostiralean, kadete, gazte eta senior mailetan. Gomazko paletan, berriz, Eibarko Klub Deportiboko palistak Alegiara joango dira, Elorri pilotalekuan etxekoen aurka aritzeko modalitate ezberdinetan: frontoi osoan, binaka eta banaka 7. koadroaren barruan.