Asteburu betea izango dute Ipuruako gimnastek Leioan, Gasteizen eta Arrasaten

Aurreko asteburuan ere lehia bizian murgildu ziren Ipuruakoek hainbat probetan
Asteburu betea izango dute Ipuruako gimnastek Leioan, Gasteizen eta Arrasaten
2024/03/07 13:15
eta kitto!

Euskal Ligaren lehenengo fasea jokatuko da etzi Leioan, Espainiako Koparako eta Txapelketarako txartelak jokoan direla. Kopakoa lortzeko helburuarekin izango dira bertan senior eta jubenil mailetako Ipuruako taldeak, eta Txapelketakoaren bila jardungo dute bakarka Nahia eta Haizeder Arguiz ahizpek. Ipuruako amateur eta federatu mailetako hainbat gimnastek, bestalde, domekan Beti Aurrera Torneoan lehiatuko dute Gasteizen. Azkenik, klubeko txikienak, benjaminak, Arrasaten hartuko dute parte Gipuzkoako Federazioak antolatutako topaketetan.

Aurreko asteburuan ere lehia bizian murgildu ziren Ipuruakoek hainbat probetan. Gasteizen jokatutako Oskitxo torneoan oinarri jubenil taldeak zilarra bereganatu zuen, bi pelota eta hiru uztai erabiliz lantzen diharduten koreografiarekin. Eta senior absolutu mailako Arguiz ahizpek 8. postuan amaitu zuten: Nahia mazoekin eta Haizeder pelotaz. Aipatutako bi horiek otsailaren 25ean jokoan izan zen Arabako Federazioaren Torneoan brontzea eskuratua zuten, bakoitzak bere aparatuarekin.