Asteburu bikaina Eibar Eskubaloiko bi talde seniorrentzat

Oso denboraldi hasiera ona izan dute talde biek eta sailkapenaren goiko aldean daude
Asteburu bikaina Eibar Eskubaloiko bi talde seniorrentzat
2025/10/21 11:06
eta kitto!

Emakumezkoen Ohorezko Zilar Mailan jokatzen duen Eibar Eskubaloia taldeak merezimenduzko garaipena lortu zuen asteburuan, etxetik kanpo, Bera Bera taldearen aurka (24-26). Lau partidutan lortzen duen hirugarren garaipena izan da eibartarrentzat eta sailkapenaren goiko aldean kokatu da horrela.

Hasiera parekatuaren ondoren, Eibar gai izan zen aurkariaren defentsa aldaketara egokitzeko eta markagailuan aurretik iritsi zen atsedenaldira (11-13).

Bigarren zatian, eibartarrek aldea handitzeko aukera izan zuen, zenbaitetan jokalari gehiago izan zituelako kantxan, baina ez zituzten egoerak aprobetxatu eta neurketa parekatua izan zen amaierara arte. Dena dela, Eibarrek ondo lehiatu zuen eta aldeari eutsi zion, 24-26 amaituz.

 

Garaipena Ipuruan

Gizonezkoen Lehenengo Nazionalean jokatzen duen Eibar Eskubaloiak, bestalde, Trapagaran jaso zuen Ipuruan. Partidu bizia izan zen, erritmo handikoa, eta etxekoek 35-32 irabaztea lortu zuten.

Eibarrek oso ondo hasi zuen partidua eta lehen zati bikaina gauzatu zuen, atsedenaldira 18-11 iritsiz. Bigarren zatian, ostera, Trapagaranek indartsu ekin zion eta Eibarrek hasieran lortutako abantaila kudeatu behar izan zuen.

Garaipen horrekin, Eibar Eskubaloia sailkapeneko 3. postuan da, 10 punturekin, bigarrenarekin berdinduta, Amenabar Zarautz liderrarengandik bi puntura.