Asteburu bikaina izan da Ipurua gimnasia erritmikoko taldearentzat
Ansoainen, oholtza gaineko lana sendoa izan zen, nahiz eta podiuma gertu-gertu geratu zen kasu batzuetan. Infantil eta kadete mailako taldeek laugarren postua eskuratu zuten, azken xehetasunetan ihes eginda dominak. Jubenilen taldeak, ordea, pausoa harago eman eta bigarren postu bikaina lortu zuen. Banakakoan, Nahia Arguizek eta Arrate Bascaranek zortzigarren amaitu zuten senior mailan, lehia estu batean.
Igandean, berriz, Eibarrek berak hartu zuen lekukoa, eta etxeko publikoaren aurrean distira berezia izan zuten Ipuruko ordezkariek. Infantil base taldeak urrea eskuratu zuen, jardunaldi biribila osatuz. Kadete eta jubenil base taldeek ere maila bikaina eman zuten, biek ala biek bigarren postua lortuta.
Banakako probetan ere nagusitasuna agerikoa izan zen: Nora Eizaguirrek lehen postua eskuratu zuen kadete mailan, eta seniorretan garaipen bikoitza lortu zuten etxekoek, Nahia Arguiz nagusi izan baitzen senior master kategorian eta Arrate Bascaranek garaipena lortu baitzuen senior mailan.
Eta egutegiak ez du atsedenik ematen: aste honetan alebin eta infantil mailakoek Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa izango dute aurretik, eta base mailakoek Espainiako Kopa jokatuko dute Santanderren.