Asteburu borobila izan da SD Eibar-en lehen taldeentzat
Oso asteburu garrantzitsua izan da F Ligan eta Hypermotion Ligan jokatzen duten SD Eibar-en taldeentzat. Emakumezkoek mailari eusteko behar zituzten puntuak lortzeko aukera zuten eta gizonezkoek ezinbestean irabazi behar zuten mailaz igotzeko aukerak izaten jarraitu nahi bazuten. Talde biek lortu zituzten euren helburuak.
Emakumezkoen taldeak Alhama El Pozo jaso zuen larunbatean. Eibartarrek puntu bakarraren beharra zuten mailari eusteko, baina arerio gogorra zuen aurrean, mailari eusteko puntu behar handiagoa zuelako.
Partida hasieran talde biek izan zituzten golak sartzeko aukerak, baina 21. minutuan epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen eta Laura Caminok ez zuen hutsik egin, markagailuan 1-0ekoa ezarriz.
Bigarren zaian, eibartarrek ondo eutsi zioten aldeari eta, 67. minutuan, Carmen Sanchezek partidako bigarren gola sartu zuen Caminoren pase ona bat aprobetxatuta. Partida horrela amaitu zen eta, ondorioz, SD Eibarrek F Ligan jokatuko du datorren denboraldian. Alhama El Pozok, ostera, maila galdu zuen emaitza horrekin.
Garaipena Mirandan
Lehen Mailara igotzeko borrokan arerio gehienek puntuak lortu ondoren, gizonezkoen SD Eibarek garaipena lortzeko beharra zuen atzo Mirandesen aurka. Gaztela Leongo taldea jaitsiera postuetan dago eta eurek ere puntu beharra zuten. Lehia bizia izango zela aurreratu zitekeen eta horrela izan zen.
Partida parekatua bizi izan zen Anduvan, baina Jon Magunalezaia eibartarrak 3. minutuan sartutako golak armaginen alde jarri zuen markagailua eta, Mirandesek ahaleginak egin arren, ez zen gehiago mugitu.
Denboraldian zehar etxetik kanpo puntuak lortzeko arazoak izan ondoren, Eibarrek bost garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Ipuruatik kanpo jokatutako azken sei partidetan. Orain, bolada horri eutsi beharko dio, hurrengo partida ere etxetik kanpo jokatu beharko duelako: Cultural Leonesa azken sailkatuaren aurka, larunbatean, 16:15ean.
Maiatzaren 16an jokatuko den partida horretara begira, Gaztela Leongo taldeak 306 sarrera eman dizkio Eibarri. Sarrerak 20 euroan salduko dituzte, gaurtik (9:30etik) bihar arte (19:00), Orsaixan dendan edo esteka honetan. Gainera, Premier bidai-agentziaren bitartez autobusean joateko eta etortzeko aukera egongo da.