Asteburu borobila izan da SD Eibar-en talde nagusientzat

Gizonezkoen taldea mailaz igotzeko play-off postuetan sartu da eta emakumezkoen garaipen erabakigarria lortu dute
Asteburu borobila izan da SD Eibar-en talde nagusientzat
2026/04/27 12:10
Ekhi Belar Errasti

Ametsa gorpuzten doa SD Eibar-en gizonezkoen taldearentzat. Joan den barixakuan jarraipena eman zion bolada bikainari Albaceteri 0-3 irabazita (Jon Bautistak sartu zituen hiru golak) eta, Las Palmasek oraindik bere partida jokatu behar duen arren, Lehen Mailara igotzeko play-off postuetan dago, 60 punturekin. Bigarren postua ere ez du oso aparte, sei puntura hain zuzen ere, eta liga amaitzeko bost partiduren faltan, itxaropenez begiratzen dio etorkizunari.

Beñat San Joseren mutilek oso neurketa erabakigarria jokatuko dute zapatuan, 21:00etan. Izan ere, postu bat beherago dagoen Malaga jasoko dute Ipuruan.

 

Garaipena behingoz

F Ligako emakumezkoen taldea lehiara itzuli zen asteburuan. Hamar partidutan puntu bakarra lortuta, emaitza positiboa lortzeko premia zuen Iñaki Goikoetxeak zuzentzen duen taldeak, jaitsiera postuak behingoz atzean lagatzeko.

Horretarako arerio aproposa zuen Eibarrek, Levante azken sailkatua, eta asko borrokatu behar izan zuen arren, hiru puntuak Ipuruan gelditzea lortu zuen (2-1). Horrela, armaginek 21 puntu dituzte orain, liga amaitzeko lau partiduren falta jaitsiera postuak 11 puntura daudelarik.