Asteburu borobila Urbat Urkotronik taldeko seniorrentzat
Urbat Urkotronik waterpolo taldeko seniorrentzat asteburu bikaina izan da, neurketa guztietan garaile irten direlako. Hori ez da arraroa Euskal Ligan jokatzen duen emakumezkoen taldearentzat, denboraldi bikaina diharduelako egiten, baina 2. Nazionaleko mutilek ez dute partidu askorik irabazi aurten eta ondo ospatzekoa lortu dute Portugaleten.
Zubia zela aprobetxatuz, jardunaldi bikoitza jokatu dute neskek. Hasteko, CW Lautadari egin zioten bisita eta 5-14 gailendu zitzaien. Bigarren partidua, ostera, etxean jokatu zuten WP Iruñea 98 02 B liderraren aurka, eta oso partidu parekatua izan zen. Neurketa berdinketarekin amaitu zen, 11-11, baina penalti jaurtiketetan eibartarrak izan ziren nagusi eta eurek eraman zuten puntu gehigarria. Horrela, 52 punturekin, Urbatek bi puntura du orain lehen postua (Leioa WP B eta WP Iruñea 98 02 B berdinduta daude 54 punturekin).
Mutilen taldeak, bestalde, 2. Nazionaleko bigarren fasea dihardu jokatzen mailari eusteko eta DN Portugaleteri egin zion bisita partidu garrantzitsuan. Izan ere, bizkaitarrak azkenengo postuan daude eta eibartarrentzat ia derrigorrezkoa zen irabaztea mailari eusteko; eta horrela egin zuten, 8-11 gailendu baizitzaien. Beraz, garaipen horrekin, azkenengo postutik aldendu da Urbat eta orain gertuago ditu goiko postuak.