Asteburu feminista Emakumearen Eguna ospatzeko
Asteburuan hainbat ekitaldi berezi egingo dira herrian, domekan Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Zapatuan 17.00etatik aurrera "Zer nolako biharra emakumeena!" izenburuko bisita-gidatua antolatu dute Armagintzaren Museoan (izen-ematea egunean bertan, 16.30etatik aurrera). Eta domekan, Martxoaren 8an, 11.00etatik aurrera "Feminista naiz" photocall-a eta elkarretaratzea egingo dira Untzagan. 12.30etan, berriz, Cielito Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Coliseoan. "Feminista naiz" aurtengo goiburuarekin bat eginda eta Carlos Sanchez Barbaren zuzendaritzapean, emakumeek interpretatu edo moldatutako piezekin osatutako egitarauari jarraituko diote: "La puerta grande" (pasodoblea, Elvira Checa), "Ronda en fiesta" (pasodoblea, Carmen Benitez), "Antorcha olimpica" (martxa, Carmen Benitez), "Eibar KE-aren himnoa" (himnoa, Miren Olabe), "Nessun Dorma!" (pasartea, G. Puccini, Leire Aldalur bakarlariak), "Falla-ri omenaldia" (bariazioak, M. de Falla, Ainhoa Urkizu bakarlariak), "Devuelveme el rosario de mi madre" (Peruko balsa, Mª Dolores Praderak interpretatuta), "Yo no soy esa" (kantua, Mari Trinik interpretatuta) eta "Itxaropena" (kantua, Su Ta Gar). Egitaraua emakumeek interpretatu edo moldatutako piezekin osatu dute. Eta emakumeendako antolatu den bazkaria amaituta, eguna agurtzeko 18.00etatik aurrera karaoke feminista hartuko du Andretxeak.