Asteburu oparoa JAZ Eibar Triatloi Taldearentzat hainbat probatan

Taldeko kideek emaitza nabarmenak lortu dituzte Tuteran, Donostian, Pirinioetan eta Flysch Beltzan
Asteburu oparoa JAZ Eibar Triatloi Taldearentzat hainbat probatan
2026/07/01 10:19
Ekhi Belar Errasti

Joan den asteburuan jarduera bizia izan du JAZ-Eibar Triatloi Taldeak, estatuko zein nazioarteko hainbat probatan parte hartuta.

Larunbatean, ekainak 27, Tuteran jokatutako Espainiako Autonomietako Triatloi Txapelketan 600 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte. Ugaitz Gartziak Euskadiko selekzioarekin lehiatu zen eta 29. postuan amaitu zuen. Kristina Ruizek eta Roberto Gartziak JAZ Eibar Triatloi Taldearen ordezkari gisa parte hartu zuten parte, eta V2F kategorian lehen postua eskuratu zuten, sailkapen absolutuan laugarren izan ondoren.

Bestalde, Donostiako Emakumeen Triatloian 326 emakumek hartu zuten parte, tartean Idoia Uruñuelak. Honek 39:08ko denborarekin amaitu zuen proba, sailkapen nagusian 65. postua eta ABF kategorian 38.a lortuz.

Pirinioetan, Saint-Lary Soulanen jokatutako Triatlon des Pyrénées proban, JAZ Eibar Triatloi Taldeko bi kidek Half distantzian debutatu zuten. Proba 1.900 metroko igeriketa, 90 kilometroko bizikleta ibilbidea (Hourquette d’Ancizan, Col d’Azet eta Col de Portet mendateekin eta 2.850 metroko desnibelarekin) eta 21 kilometroko korrika saioak osatu zuten. Jokin Amorrostak 6:55eko denborarekin 22. postuan amaitu zuen, S1 kategorian bosgarren izanik; Iñigo Gastón ermuarrak, berriz, 120. postuan bukatu zuen, nahiz eta txip-akatsagatik datu zehatzik ez izan.

Igandean, Donostiako Triatloia – Onditz Memoriala jokatu zen distantzia olinpikoan (1.500 metro igerian Kontxako badian, 38,5 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika). Ander Telleriak 2:18:58ko denborarekin 81. postuan amaitu zuen. Jon Ochoak, berriz, lasterketa utzi behar izan zuen giharreko minengatik, igeriketa eta bizikleta tarteak osatu ondoren.

Azkenik, Mutriku eta Deba artean jokatutako XII. Flysch Beltza itsas-zeharkaldian, 3 kilometroko igeriketa-proban, Jonatan Alustizak ordezkatu zuen JAZ Eibar Triatloi Taldea eta 55:20ko denborarekin amaitu zuen bere lehen zeharkaldia.