Asteburu positiboa izan da Urbateko senior talde bientzat

2. Maila Nazionalari eusteko itxaropenak handitzen doaz lehen taldearen barruan
Asteburu positiboa izan da Urbateko senior talde bientzat
2025/03/17 12:00
eta kitto!

Urbat-Urkotronikeko lehen taldea bide onetik doa azken aldian eta, indarrak berreskuratuta, azken asteburuan ere garaipena eskuratu du etxetik kanpo, historian lehen aldiz Katalunian lortzen duena, Valliranari 6-9 nagusituta. Oraingoan Davide Cerchiren mutilek jakin izan zuten aurkako 5-3ko emaitzari buelta ematen eta, denboraldi honetan askotan gertatu zaien kontrara, indarrak berreskuratu eta norgehiagoka ondo amaitzen. Aipamen berezia merezi du Xabat Karrera atezainaren lanak, gai izan baitzen bere atepetik baloia jaurti eta zuzenean aurkarien atean gola sartzeko. Denboraldia amaitzeko bost jardunaldi geratzen direnean, 2. Maila Nazionalari eusteko itxaropenak handitzen doaz taldearen barruan.

Bide beretik, Urbat B taldeak garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Lauroren igerileku zailean. Euskal Herriko 1. Mailako Ligako partiduan, azkenean 5-6 irabazi zuten eibartarrek. Hor ere lan bikaina egin zuen Ander Etxeberria atezainak; bere geldiketek eta taldeak defentsan egindako lan bikainak eutsi zioten garaipenari.