Astelehenean hasi ziren Hijos de Gabilondo eraikinaren berritze lanak
Eibarko Udalak jakinarazi du astelehenean, azaroak 10, hasi zirela Barakaldo eta Barrena kaleen bidegurutzean kokatuta dagoen Hijos de Gabilondo eraikin historikoaren berritze lanak. Proiektua Miguel Imaz S.A. enpresari esleitu zaio, eta 6,1 milioi euroko aurrekontua du. Lanek 88 aste iraungo dutela aurreikusten da, beraz, 2026aren amaieran amaitzea espero da.
Udalak adierazi duenez, lan horiei esker 1938ko eraikinaren jatorrizko egitura berreskuratu eta ondorengo hedapenak kenduko dira. Horrela, zabalagoak izango dira oinezkoentzako espazioak, aparkaleku berriak sortuko dira eta aisialdirako guneak jarriko dira.
Proiektuak eraikinaren estalkia herritarrentzat irekitzea aurreikusten du, gazteek aisialdi eta jolaserako eremu gisa erabili ahal izateko. Gainera, bi gune bereiziko dira: ekialdean aparkaleku berria, eta mendebaldean gune berde eta birnaturalizatua.
Eibarko Udalak azpimarratu du ekimenak hiriaren ondare industriala berreskuratzea eta ingurune urbanoaren kalitatea hobetzea dituela helburu.
Udalak gogorarazi duenez, proiektua Udaleko PSE-EE eta EH Bildu taldeek duela zenbait urte lortutako akordiotik sortu zen.