Astelehenean hasiko dira Zaporeak erronka solidariorako pardina dilistak biltzen

Martxoaren 22ra arte jasoko dituzte Greziara bidaliko diren dilistak, ohiko tokietan
Astelehenean hasiko dira Zaporeak erronka solidariorako pardina dilistak biltzen
2024/03/15 17:29
eta kitto!

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Zaporeak-Lesbos Proiektuaren erronka solidarioa, udaletxeko pleno aretoan. Mireia Alonso eibartarrak beste sukaldari batzuekin batera antolatutako erronkan, aurreko urteetan bezala, Greziako errefuxiatuei jaten emateko elikagaiak bilduko dituzte. Eibarren, pardina dilistak. Astelehenean, martxoaren 18an hasiko da bilketa, eta martxoaren 22ra bitartean egingo da. Dilistak honako toki hauetan jasoko dituzte: Toribio Etxebarria kalean, Ametsa taberna aldamenean ipini duten dendan, ikastetxeetan, Teknikerren, Debegesan, Ipuruako Jubiletxean, Untzagako Gizarte Etxean, Amañako kioskoan, SD Eibarko dendan, eta ... eta kitto! Euskara Elkartean. Bestalde, bihar, Eibar -Villarreal B partiduaren aurretik, 15:00etatik 16:00etara, dilistak jasoko dituzte sarreran, SD Eibarko armarriaren azpian. Eibarren bezala, Debabarreneko beste herri guztietan ere bilduko dute janaria, Debabarrena mailako erronkarekin bat eginez.

 

Kanpainaren amaiera, martxoaren 23an Errebalen

Kanpainaren amaiera-ekitaldia, berriz, Eibarko Errebal Plazan egingo da, martxoaren 23an, 14:00etatik 15:00era. Egun horretan tuper solidarioak salduko dituzte, 5 eurotan.  

Zaporeak-eko kideek azaldu dutenez, “sei hilabeterako joan ginen Greziara, eta jada zortzi urte daramatzagu hango errefuxiatuei jaten ematen. Gaur egun 3.050 otordu banatzen ditugu egunero, eta horretarako janari, boluntario eta diru asko behar da”. Hori dela eta, Eibar eta inguruko herritarrei erronkarekin bat egiteko dei egin dute.