Astelehenean itzuliko dira Untzagara pentsiodunen asteroko elkarretaratzeak
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko talde gehienek bezala, Eibarko Pentsiodunen Taldeak ere atseden hartu du udan, eta oporren ostean indarberrituta itzuli dira. Datorren astelehenean hasita, aurrerantzean astero egingo dute kontzentrazioa, 12:00etan Untzagan.
Pentsiodunek diotenez, “bi hilabete hauetan zenbait herritako jarduerak ez du atsedenik izan. Bilbon, adibidez, manifestazio garrantzitsua egin zen abuztuaren 19an, Kantabriako zenbait herritako pentsiodunak bertan zirela. Kontzentraziorik gabeko bi hilabete hauek energia kargatzeko eta lan egiteko eta erantzuteko modu berriak aztertzeko balio behar digute, baita pentsiodunen eskaerak eguneratzeko ere. Bada garaia Gasteizko Gobernuak pentsiodunen mugimenduaren proposamena onartzeko, eta eskatzen den ponentzia abian jartzeko. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa partida espezifiko batekin bermatzeko ordua da, harik eta Madrilgo gobernuak onartu arte”.
Irailaren 16tik aurrera aldarrikapen historikoak izango dituzte mahai gainean: “Eta, pentsiodunak garen aldetik, zuzenean eragiten diguten gai guztiek kezkatzen gaituzte, batez ere osasun publikoaren egoerak eta pribatizazio-planek, baita egoitzetako langileek etengabe salatzen dituzten gabeziek ere”. Bizi-kalitate txukuna lortzeko bide bakarra mobilizazioa dela berretsi nahi dute, “eta, jakina, garrantzitsua da gizarte osoaren inplikazioa”.