Astelehenean San Isidro eguna Arraten ospatuko dela-eta, autobus zerbitzu berezia egongo da
Goizeko 11:00etako mezarekin hasiko dira ospakizunak
San Isidro eguna Arraten ospatzeko, egun osorako egitaraua antolatu dute Eibar, Elgoibar, Soraluze eta Mendaroko Udalek, Itziarko Entitate Txikiak eta Debemen elkarteak. Goizeko 11:00etan hasiko dira ospakizunak, bertsolarien eta Oier Baltzola eta Unai Andonegi trikitilarien parte-hartzea izango duen mezarekin. Jarraian, prozesioa eta aurreskua egingo dira, Kezka dantza taldearen eskutik eta, ondoren, Debabarreneko produktuen dastaketa hasiko da. Herri-kirolak eguerdian, 12:30ean, izango dira: San Isidro XIX. Aizkolari Txapelketa jokatzeaz gain, harrijasotzaileen saioa ere egingo da santutegiaren atarian. Baserritarren patroiaren omenezko bazkaria 14:30ean hasiko da, Tiro Pitxoi jatetxean. Bazkalostea girotzen bertsolariak eta trikitilariak arituko dira. Eta, eguneko egitaraua biribiltzeko, idi-demak hartuko ditu probalekuak, 17:30ean, Oliden, Soarte eta Kamiñoko idiekin.