Astelehenerako deitu duten parte-hartze saioarekin haserre daude Bildu eta Errebal Plataformakoak
2019/10/04
11:45
eta kitto!
PSOEren Udal Gobernuak Errebali buruzko parte-hartze ariketa 3 ordura mugatu nahi duela salatu du Eibarko EH Bilduk. Idatziz adierazi dutenez, “2013an bukatu zen Errebal eraikin berriari buruzko lehen parte-hartze ariketa. 6 urte izan ditu PSOEren Udal Gobernuak parte-hartze ariketarekin jarraitzeko. Orain ordea, denbora gainean dutela, saio bakar batean erabaki nahi dute Errebal eraikineko merkatuan eskainiko diren zerbitzuak. EH Bildurentzat hau ez da ganorazko parte-hartzea eta seriotasun gehiago eskatu dio PSOEren Udal Gobernuari”. Gaineratu dutenez, “parte-hartzea oso mugatua izango da herritarrentzat. Norbanako zehatz batzuentzat gonbidapenak luzatzea da duten asmoa. Saio horretara bertaratuko direnek inguruko 5 merkatu plazen esperientzia ezagutuko dute, saioaren bukaeran, Errebal Merkatu Plazan kokatuko diren zerbitzuak eta kudeaketa bozkatu eta erabakitzeko. Ez da serioa. Hartutako erabakiak merkatu plazaren etorkizuna hipotekatu dezakela uste du EH Bilduk. Gainera, herritarrek ez al dute eskubiderik merkatu plazan jaso nahi dituzten zerbitzuen inguruan iritzirik emateko?”. Horrekin batera, Rialtoko “behin-behineko” plazan kokatu berri duten karparengatik baserritarrak haserre daudela diote: “Toki duinago baten beharra zuten eta eskaera bat luzatu zioten Udalari, hainbat babes-sinaduraz lagunduta. Karpa duela gutxi jarri berri du Udalak, baina ez da baserritarrek eskatutakoa. Zuten ikusgarritasun txikia galdu dute saltzaileek eta haserre daude”. Baserritarrek egindako eskaera ondo aztertu eta egin beharreko aldaketak egitea eskatu dio EH Bilduk PSOEren Udal Gobernuari.
Errebal Plataformak, bestalde, Udalak deitu duen “parte-hartze jardunaldi tranpatik” kanpora geratzea erabaki duela eman du aditzera: “PSOEk bakarrik gobernatzen duen Udalak berriz ere jokorako bere arauak inposatu nahi ditu. Aurrera irten ez diren bi proiektu eta gero, eta horiek eragin dituzten galera ekonomikoak inork bere gain hartu ez dituela, aste honetan bertan jaso dugu Udaleko Garapen Ekonomikoa saileko deia, astelehenean gehienez 3 orduko iraupena izango duen parte-hartze saiorako gonbidapena egiteko. Azpikontratatutako enpresa batek gidatuko duen saio horretan hainbat taldetako ordezkariak bildu nahi dituzte, agintzen duen taldeak itxita dauzkan hiru planteamentuen arteko bat inposatzeko asmoz. Horri deitzen zaio parte-hartze saioa?”. Gauzak horrela, Errebal Plataformak ez duela parte hartuko azaldu du.
Udalak Errebal Eraikiz izeneko saioa astelehenerako deitu du, 17:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan, “2013ko parte-hartze prozesuaren ondorengo asmo eta helburuen inguruko iritziak jaso eta Errebalen etorkizunerako erabilerak zehazte aldera”.