Astelehenero bezala, Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatu dute pentsiodunek

Gaur eguerdian ere elkarretaratzea egin da Untzaga plazan, Eibarko Pentsionisten Taldeak antolatuta. Gaurko kontzentrazioan 135 pentsionista elkartu dira.
Astelehenero bezala, Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eskatu dute pentsiodunek
2025/10/20 18:28
eta kitto!

Orain dela zazpi urte hasi ziren pentsiodunak astero kalera irtetzen, pentsio duin eta publikoak eskatzeko, eta hasierako eskaera hori albo batera laga barik, gaur egungo aldarrikapen nagusia gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren parekoa izatea da. Eskaera hori, gainera, Legebiltzarrari aurkeztu eta atzera bota duten Herri Ekimen Legegilean jasota dago.
Horrekin batera, gaurko elkarretaratzean iragarri dutenez, azaroaren 21ean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen V. Asanblada egingo da Gasteizen. Komunikatuaren arabera, asanbladaren deialdia esanahi bereziko une batean dator: “Izan ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) eta Euskadiko Alderdi Sozialistak (PSE) gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzeko osagarri bat sortzea proposatzen zuen Herri Ekimen Legegilearen (HEL) izapidetzea blokeatu ondoren egiten baita”. Eta, adierazi dutenez, “erabaki hori emakumeen aurkakoa da, bereziki ahulen diren emakumeen aurkakoa, eta berdintasunaren aurkakoa ere bada, izan ere, genero-arrakala murrizten zuen neurri baten inguruan eztabaidatzea eragotzi dute eta”.