Astelena frontoiak binakako txapelketako partiduak hartuko ditu San Andres eguneko jaialdian

Astelena frontoiak binakako txapelketako partiduak hartuko ditu San Andres eguneko jaialdian
2023/11/28 09:59
eta kitto!
Katedralak binakako txapelketa nagusiko lehen jardunaldiko azken partidua hartuko du etzi jaialdiko partidu nagusian. Lehia horretan Aspe enpresako Elordi-Rezusta eta Elezkano-Martija bikoteek neurtuko dituzte indarrak, Elezkanok Altunaren tokia hartuko duen txapelketako lehenengo partiduan. Martxora arte luzatuko den txapelketaren lehenengo puntua lortzeko borrokan jardungo dute bikote biek. Ohikoa denez, arratsaldeko 17:00etan hasiko den jaialdiko lehenengo partidua ere txapelketakoa izango da, baina lehen promoziokoa deitzen zenekoa, bigarren mailako edo gazteen parte-hartzearekin. Horko lehian Salaberria eta Arbizu izango dira alde batetik, eta Exposito eta Gaskue bestetik. Jaialdiari amaiera emango dion binakakoan, bestalde, Dario-Bikuña eta Zabala-Erostarbe bikoteak izango dira, nor baino nor.

Beti oso erantzun ona izaten duen Sanandresetako jaialdi horretarako sarrerak www.entradasfronton.com helbidean lortu daitezke. Hori bai, jaialdia osatuko duten partidu horiek bertatik bakarrik jarraitu ahal izango dira, oraingoan ETB-k ez baitu jaialdia transmitituko.