Astelena frontoia berriro beteko da Errege eguneko jaialdiarekin

Astelena frontoia berriro beteko da Errege eguneko jaialdiarekin
2024/01/04 12:10
eta kitto!
Abenduaren 25eko eta urtarrilaren 1eko jaialdietan izandako bidetik, zapatu honetan ere Eibarko Katedrala lepo beteko da pilota profesionalaren jaialdia hartzeko. Oraingoan Aspe enpresako bi bikoteen artekoak hartuko du partidu nagusia: hor orain arte lau garaipen dituen Elordi-Rezusta bikotea eta hirurekin dagoen Altuna-Martija izango dira, nor baino nor. Lehenengo partidua ere binakako txapelketakoa izango da, baina promoziokoa: hor indarrak neurtuko dituztenak Dario-Arbizu eta Exposito-Gaskue bikoteak izango dira; azken bikote horrek lau puntu ditu eta besteak bakarra. Dariok Salaberriaren tokia hartuko du. Azkeneko partiduan, bestalde, Egiguren V-Erostarbe eta Zabala-Aldabe bikoteak izango dira protagonista. Jaialdia, betiko lez, 17:00etan hasiko da. Baina normalean Astelenak horrelako jaialdiei domeketan zabaltzen badiete ateak, oraingo honetan zapatura pasatuko dute (hala ere, ETB presente izango da Isasi kaleko frontoian).