Astelena frontoiak Gipuzkoako eskuz-binakako eta paleta gomako txapelketako partiduak hartuko ditu asteburuan

Urkiagaren eta Del Reyren presentzia zalantzan dago eskuko minarekin daudelako
Astelena frontoiak Gipuzkoako eskuz-binakako eta paleta gomako txapelketako partiduak hartuko ditu asteburuan
2025/09/24 09:58
eta kitto!

Barixakuan eta zapatuan, irailak 26 eta 27, Gipuzkoako bi txapelketako partiduak hartuko ditu Astelena frontoiak. Batetik, barixakuan, 18:30ean hasiko den jaialdian, jubenil mailako Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketa ko bi partidu jokatuko dira: Urkiaga eta Del Rey Abantzuko (Zestoa) bikotearen aurka neurtzekoak dira, baina eskuko minarekin dabiltza eta euren presentzia zalantzan dago; eta beste partiduan, Varona eta Azpilikueta Hernaniko bikotearen kontra lehiatuko dira.

Eskuz-binakako neurketen ondoren, Gipuzkoako Binakako Goma-Paletako partidu bat jokatuko da: Amas eta Leturiaga Zarauzko bikotearen aurka.

Zapatu goizean, 09:30ean, Gipuzkoako Binakako Goma-Paletako beste neurketa bat izango dugu eta, bertan, Osa eta Lombraña Añorgako bikotearen kontra arituko dira. Ondoren, 11:30ean, Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketan, Amuategi eta Gisasolak Billabonako Behar Zana klubeko bikotea izango dute aurrean.