Astelenak Eibarko pilotarien bi jaialdi hartuko ditu: gaur 18:15ean eta bihar 11:15ean

Gipuzkoako Txapelketako zortzi partidu guztira jokatuko dira Katedralean
Astelenak Eibarko pilotarien bi jaialdi hartuko ditu: gaur 18:15ean eta bihar 11:15ean
2024/11/15 10:19
eta kitto!

Eskuz banakako Gipuzkoako Txapelketako zortzi partidu guztira jokatuko dira Katedralean, gaurko eta biharko jaialdien artean. Gaur arratsaldekoak bost norgehiagoka hartuko ditu, 18:15etik aurrera. Lehenengoan Varonak, jubeniletan, Bidezabal tolosarraren aurka. Jarraian, Gilek, kadeteetan, Etxabe arrasatearraren kontra. Eta helduen mailako hiru partidukin amaituko da jaialdia: Condek Lazkaoko Erauskini egingo dio aurre, Agirresarobek ere lazkaotarra izango du aurrean (Goiburu), eta Ibarrak, amaitzeko, Zestoako Olaizola izango du aurrez aurre.

Txapelketa beraren barruan, bihar goizeko 11:15ean hasiko den jaialdian honako hiru partidu jokatuko dira: hasteko, infantil errendimenduan, Colmenero eibartarrak Getariako Zulaika izango du aurkari. Beste biak jubenil mailakoak izango dira: Urangak Bastida azkoitiarra izango du aurrez aurre, eta Gisasolak Azpeitiko Iturralderekin borrokatuko du garaipenaren bila.