Astelenak Udaberri txapelketako kanporaketak hartuko ditu bihar arratsaldez

Kadete eta senior mailako bikoteek Udaberri txapelketako final-laurdenetako eta finalerdietako partiduak izango dituzte
Astelenak Udaberri txapelketako kanporaketak hartuko ditu bihar arratsaldez
2024/03/07 12:30
eta kitto!

Oso bolada onean ari dira Klub Deportiboko pilotariak, eta horren erakusle dira kadete eta senior mailetako bikoteek asteburu honetan Udaberri txapelketako final-laurdenetako eta finalerdietako partiduak izango dituztela. Eta partidu horiek jasoko ditu biharko Astelenako jaialdiak, 19:00etatik aurrera, Eibarko Pilota Eskolatik irtendako kadeteen protagonismoarekin: hasteko, Oñatz Urkiagak eta Aleix del Reyk Andoaingo Gazteleku klubeko Alvarez-Bidezabal bikotea izango dute aurrean; jarraian, Xuban Varonak eta Ekhi Azpilikuetak Azkoitiko Alberdi-Aldazabal izango dute aurkari.

Ibarrak eta Agirresarobek osatutako senior bikoteak Udaberri Mendebaldeko finalerdia jokatuko dute bihar Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan bertako bikotearen aurka. Eta infantil mailako Kepa Sarasketak eta Ekain Olaetxeak final-laurdenetakoa jokatuko dute gaur Legazpin, Urbeltz pilotalekuan.