Astelenak zapatu goizean paleta goma eta pilota partiduak hartuko ditu

Deportiboko pilotari batzuek etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan
Astelenak zapatu goizean paleta goma eta pilota partiduak hartuko ditu
2024/10/03 11:03
eta kitto!

Deportiboko pilota batzordeak asteburu honetarako antolatutako jaialdia egunez aldatuko da eta, barixaku arratsaldez izan beharrean, zapatu goizean egingo da. Gipuzkoako Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko hiru partidu hartuko ditu Astelenak oraingoan 09:00etatik aurrera: lehendabiziko biak paleta gomakoak eta azkena eskuz binakakoa. Guisasola-Sologaistua bikoteak Mundarro taldeko ordezkaria izango du aurkari eta, jarraian, Soria-Guinea eibartarrak Mutrikuko Danok Bat taldeko bikotea. Pilota partiduan, bestalde, Narvaiza-Conde eta Andoaingo Gaztelekuko bikotea izango dira nor baino nor.

Paleta goman oraindik beste bost jardunaldi falta badira ere lehen fasea amaitzeko, esku pilotaren kasuan azkenaurreko jardunaldia da oraingoa, erabakigarria ere izan daitekeena.

Kanpoan jokatzea tokatzen direnen artean, jubenilen mailan, Usurbilen izango dira Amuategi eta Azpilikueta eskuz binakakoan eta Hernanin jokatuko dute Segurola eta Gisasolak; eta kadeteen mailara pasatuta, Amezketan jokatuko du Varona eta Gil pilotariek osatutako bikoteak eta Getarian izango dira Amillategi eta Del Rey.