Astelenako biharko pilota jaialdiak hiru partidu hartuko ditu

Astelenako biharko pilota jaialdiak hiru partidu hartuko ditu
2023/09/28 12:02
eta kitto!
Gipuzkoako Binakako Txapelketaren hirugarren jardunaldian sartuta, torneo horretako bi partidu hartuko ditu bihar Astelenan antolatutako jaialdiak. Partidu ofizial horien aurretik, dena dela, Eibarko Klub Deportiboko pilota eskolakoen arteko beste bat jokatuko da. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta, aipatutako neurketa horren ondoren, txapelketako kadete mailakoa izango da jokoan (Oñatitik hona ekarri dute bertan jaiak direlako) eta, jarraian, senior mailakoarekin emango zaio amaiera; hor Narvaiza-Agirresarobe Eibarko bikoteak Lazkaoko ordezkariei egingo die aurre.

Aurreko asteburuan etekina atera zioten Eibarko pilotariek jardunaldiari. Kadeteen mailako bi bikoteek euren partiduak irabazi zituzten Astelenan (22-9 eta 22-20) Ataungo eta Beasaingo bikoteen aurka, eta biek ala biek euren multzoetako hirugarren tokira igo dira. Jubenil mailako bikotea ere garaile izan zen Hernanin. Ez zuten zorte bera izan senior mailakoak eta paleta gomazko bikoteak, azken honek aukerak izan bazituen ere partidua bere alde jartzeko; azkenean 21-25 eman zuten amore.