Asua Errekan gasolindegia zabaldu aurretik trafiko azterketa egiteko eskatu dio Udalari EH Bilduk

Gasolindegia ipintzeko baimenik ez ematea ere eskatu dute
Asua Errekan gasolindegia zabaldu aurretik trafiko azterketa egiteko eskatu dio Udalari EH Bilduk
2024/04/26 08:28
eta kitto!

Asua Errekan, goiko aldean (Sucesores de F. Elcoro eraikina dagoen tokian), gasolindegia jartzeko proiektua aurreikusita dagoela eta, Eibarko EH Bilduk horren berri eman nahi die herritarrei: “Aurretik ezaguna da orube horretan egon den tailerrean nikel eta kromo bainuak erabiltzen zituztela eta, ondorioz, lur horiek kutsatuak egongo direla. Bestalde, gasolindegi hori low cost horietakoa izango da, eta horrelako gasolindegiek gidariak erakartzen dituztela irakurri dugu prentsan. Beraz, Asua Errekan gasolindegia ipinita, ondorio logikoa izango da trafikoa handitzea”. Gainera, herri barruan gasolindegi bat jartzea guztiz desegokia dela uste dute. Hori guztia kontuan hartuta, lizentzia eman baino lehen, EH Bildu udal taldeak honakoa proposatu dio Udalari: orubearen jabeei eskatzea lur horien tratamendua, dituzten metalak kentzeko, eta lur horiek lehengoratzeko; eta udal arkitektoak edo enpresaren batek trafiko-azterketa egitea”.  Horren arabera, eta gasolindegi berriak trafiko eragozpen larriak sortuko dituela jakinda, Udalak eibartarron interes publikoaren alde egitea eta, beraz, gasolindegia ipintzeko baimenik ez ematea ere eskatu dute.