Asun Fernandez, margolaria: “Koadro ilunetan ere kolorea ematen saiatzen naiz”

Asun Fernandez, margolaria: “Koadro ilunetan ere kolorea ematen saiatzen naiz”
2019/07/12 10:05
eta kitto!
Untzagan dagoen Pradoko Museoaren erakusketatik hurbil, Ametsa tabernan, artelan gehiago dago ikusgai. Asun Fernandezek hainbat artelan famaturen bertsioak egin ditu errotuladorez eta bere marka eman die. Txikitatik du gustoko margotzea eta ilustrazioekin koadernoak, pertxak, aulkiak, lanparak… margotu izan ditu. Ametsa tabernaz gain, bere lanak Facebookeko ‘Joquechulo’ orrialdean daude ikusgai.

 

- Nolako da Ametsa tabernan duzun erakusketa?

Koadro eta artelan ezagunak islatzen dituzten errotuladorez egindako 30 ilustrazio inguru daude. Emakumeen presentzia da nagusi, emakumeak artean nola ikusten ditudan erakutsiz.

- Artelan famatuen kopia zehatzak dira?

Batzuk bai, baina beste batzuk koadroen interpretazioak dira, nik sortutakoak edo gustatu zaidan lanen bat oinarri hartuta egindakoak.

- Tamaina txikikoak dira. Zergatik?

Orain arte egin ditudan marrazkiak koadernoen azaletarako erabili izan ditudalako. Erakusketa honetako lanak ere koadernoen azaletarako erabili eta Euskal Jaiko artisau azokan saldu nahi nituen, baina ezin izan nintzen joan eta Ametsa tabernako Guadalupek erakusketa bertan egiteko aukera eman zidan.

- Zergatik margotzen duzu errotuladoreekin?

Horrela hasi nintzen eta konturatu naiz errotuladoreei probetxua ateratzen diedala. Paper gainean margotzen dut eta euskarri horrek ez du tenperarekin edo akuarelarekin margotzeko balio.

- Nola egiten duzu koloreak ondo nahasteko?

Zaila da, baina denborarekin neurria hartzen diozu. Tonu marroi zehatz bat lortzeko, adibidez, lehenik horiz margotzen dut, gero gorria sartzen diot, urdina gero, grisa…

- Errotuladore bereziak erabiltzen dituzu?

Bai zera! Edozein errotuladorek balio du. ‘Milan’ markakoak dira nire gustokoenak, baina bestela berdin zait.

- Oso koadro koloretsuak dira. Arrazoiren batengatik?

Bai, joera hori dut, beti gustatu izan zait kolorea. Koadro ilun bat kopiatzen dudanean ere kolorea ematen saiatzen naiz. Gainera, espazio txuriak lagatzea kostatu egiten zait.

- Nolako erantzuna izan du erakusketak?

Ona. Nik Ametsa tabernan egiten dut lan eta berba politak entzun ditut bakarrik, eta lanak nik margotu ditudala jakin barik.

- Salgai daude?

Bai, lanen herena baino gehiago saldu dut.

- Nondik datorkizu margotzeko pasioa?

Ez dakit, beti izan dut. Txikitan ondo marrazten eta margotzen nuen, eta azken urteotan gaitasun hau garatu dut.

- Zure kabuz ikasi duzu ala klaseak jaso dituzu?

Nire kabuz ikasi dut. Ondo margotzea berezkoa dut. Gero, publizitatearen munduan egin dut lan eta sormena landu izan dut beti, baita tabernan lan egin dudanean ere.