Atzegik kanpaina berria aurkeztu du

Atzegik kanpaina berria aurkeztu du
2013/10/07 00:00
eta kitto!

Gaur (astelehena, hilak 7) aurtengo sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin du Eibarren Atzegik (adimen urritasuna dutenen aldeko Gipuzkoako elkarteak). Ekitaldia elkarteak Arane kalean (Txomo etxean) duen lokalean egin dute eta bertan Maite Narbaiza, Carmen Simon, Mertxe Urbina, Fernando Irusta eta Aloña Agirre Atzegiko ordezkariek egin dute berba, Klub Deportiboko mendi taldeko Edu Uriberekin batera. Aurkezpenean esan dutenez, "Gipuzkoa osoan ikusiko den kartela aurten Eibarren aurkeztea egokitu da. Kartelari laguntzen dion izenburua Atzegin guztiok dugu papera. Aurkitu zeurea! da eta mezu hori da gizartean zabaldu nahi duguna, gutariko bakoitzak egunero egiten ditugun gauza txikienetan ere adimen urritasuna dutenak gizarteratzen laguntzeko aukera dugula, bakoitzak ahal duen neurrian". Horri esker, "adimen urritasuna dutenen ingurua egokiagoa eta atseginagoa izango da eta, gizartea gu guztiok osatzen dugun aldetik, guretzat ere gizarte hobea" izango dela irizten diote
Horren adibide modura Galdaramiñoko mendi lasterketaren azken edizioa ipini dute. Edu Uribek esan duenez "Urkiko jaietan antolatzen dugun mendi lasterketan aurten beste proba bat prestatu genuen Atzegikoentzat eta oso polita izan zen, nahiz eta euria egin Atzegikoek ederto pasatu zuten, ibilbidea oinez egin zuten eta lasterketako irabazleei sariak banatzen ere lagundu zuten. Eta antxitxiketan jardun zutenek proba amaitzean Atzegikoek oso giro polita zutela komentatu ziguten. Azken batean, adimen urritasuna dutenen bizimodua erosoagoa izatea denon esku dago".
Gaur hasi eta barixakura bitartean 8.000 kartel ipiniko dituzte. Kanpainari buruzko informazio guztia encuentratupapel.blogspot.com.es helbidean aurkituko duzue eta ekitaldi nagusia eguaztenean, urriaren 9an egingo da Donostiko Antzoki Zaharrean, 18.30etatik aurrera.