[ATZERA BEGIRA] Armagintzaren Museoak 15 urte bete ditu

[ATZERA BEGIRA] Armagintzaren Museoak 15 urte bete ditu
2023/02/04 19:17
eta kitto!
Orain dela urtebe argitaratutako albistea

Urtarrilaren 18an Armagintzaren Museoaren 15. urteurrena bete zen. Armei lotuta joan da herriaren historia eta, hortik abiatuta, Eibarko industriak eman dituen asmakizun, sorkuntza eta bestelako ondasunak jarri ditu ikusgai museoak urte hauetan. Ostera, 15 urte ez dira nahikoak izan herriaren historia garaikidea kontatzeko eta museoa kontakizunarekin jarraitzeko gogo biziz dago, Marina Barrena Armagintzaren Museoko arduradunak esan digun bezala.

 

Eibarrek XX. mende hasieratik izan du Arma Museoa. Eibartar talde batek jarri zuen martxan Armeria Eskolarekin eta 1914an inauguratu zuten armagintzari bultzada emateko asmoz. Museoak 580 arma zituen, guztiak herriko fabrikanteek eginak, eta bilduma aberasten joan zen Lehen Mundu Gerraren sasoian Eibarren egin ziren arma guztiekin.

1936an, Armagintzaren Nazioarteko Erakusketa zela-eta, Eibarko arma-bildumaren erakuskari bat Parisera bidali zen; baina, Gerra Zibila hasi zenez, hara eramandako armak ez ziren bueltatu.

Gerraostea latza izan zen eibartar gehienentzat, baita Arma Museoarentzat ere. 1960. urtearen inguruan museoa modu penagarrian zegoen. Hasierako museo hura zeharo txikituta zegoen: arma baliotsuenak desagertuta, eskolan geratzen zirenak baztertuta… Orduan, Jose Ormaetxea Armeria Eskolako zuzendaria museoa eraberritzeko lanetan hasi zen. Arma Museoa berrantolatzeko eta handitzeko ardura hartuko zuen batzordea eratu zen eta hainbat arma bildu zituzten, baita 1936an Parisera bidalitako 43 armak ere.

Harrezkero, Armeria Eskolak hartu zuen museoaren ardura, 2000. urtean Udalak lekukoa hartu zuen arte. Marina Barrenak 2003an jaso zuen Portalean Armagintzaren Museoa martxan jartzeko gonbidapena eta 2007an zabaldu zuten Portaleko 5. solairuan. Orduan 426 suzko-arma eta 42 arma-zuri zituen museoak, eta Udalak Star, Bonifacio Echeverria SA lantegiaren arma-funtsa erosi zuen (400 arma inguru) bilduma osatzeko, besteak beste. Gaur egun, 11.500 piezek osatzen dute Armagintzaren Museoa: 1.000 arma inguru, 5.000 objektu eta 5.500 dokumentu… eta hazten jarraitzen du.

 

Museoa178-2 Museoa180-2 Museoa194-2 Museoa206-2

 

Eibartar guztiok osatutako museoa

Azken 15 urteak “politak izan dira”, Marina Barrenak esan digunez. “2007an arma-erakusketarekin zabaldu genuen museoa, baina bi urte geroago 2. fasea ireki genuen herriko ibilbide historikoarekin”, diosku. Harrezkero, jarduera erakargarriak, aldi-baterako erakusketak eta mota guztietako ekitaldiak antolatu dituzte ahalik eta jende gehiagorengana iristeko asmoz. “Iraupen-lasterketa izan da”, arduradunaren ustez.

Museoaren 2. fasea irekitzeko eibartarren laguntza behar izan zuten museokoek. “Eibarren egindako produktuak, objektuak… behar genituen eta ia-ia zerotik hasi ginen”, diosku Barrenak. Orduan, “herritarren eskuzabaltasunari esker”, hiru hilabetetan erakusteko moduko bilduma osatzea lortu zuten. “2009tik gaur egunera arte milaka objektu jaso ditugu eta eskertzekoa da. Azkenean, eibartar guztion artean osatu dugu museoaren bilduma”, goraipatzen du.

Eibarko historiaren erakusgarri diren piezak gordetzea eta zabaltzea da museoaren funtzioa eta, Barrenaren ustez, Armagintzaren Museoak ondo betetzen du funtzio hori. “Batetik, geneuzkanak baino pieza gehiago gorde ditugu; eta bestetik, mota askotako erakusketak egin ditugu piezak argitara eraman eta mota askotako diskurtsoak zabaltzeko. Ez bakarrik armaren ingurukoak, baita herriko industriak sortu dituen produktu ezberdinenak ere”, museoaren arduradunaren berbetan.

Aldi baterako erakusketen bitartez museoaren funtsa osatzen duten piezak argitara ematen joan dira 15 urte hauetan eta, horretarako, aukera onak izan dira herriko zenbait fabrikak urte hauetan ospatu izan dituzten urteurren bereziak. “Adibidez, BOJek 110 bete zituenean erakusketa berezia egin zen, baita Elorza eta Larrañagaren mendeurrenean ere. Asko izan dira mota horretako erakusketak”, diosku Barrenak. “Museoaren diskurtsoa nahiko orokorra da, herriko armagintza eta industria hartzen dituelako bere baitan, baina mota horretako erakusketek produktu edo ekoizle jakin baten historian zentratzeko eta sakontzeko aitzakia ematen digu”, gehitzen du.

Barrenak bere lana maite du eta atsegin handiz antolatzen ditu erakusketak. “Erakusketa asko egin ditugu eta denek sortu dute interesa. Zaila da bat aukeratzea”, diosku. Eibarko museoan ez dago pieza izarrik, ez dugu Giocondarik edo Gernikarik, mota ezberdinetako pieza esanguratsu asko edukitzea da Armagintza Museoaren indarra. “Interes ezberdinak asetzen dituen museoa da. Edonork bere intereseko zerbait aurki dezake bertan”, Barrenaren iritziz.

 

Museoa219-2 Museoa227-2 Museoa228-2 Museoa233-2

 

Jatorria ezagutzearen garrantzia

Museoaren papera berebizikoa da nondik gatozen jakiteko eta, era berean, etorkizunera begiratzeko. “Adin bat daukagunok ondo ezagutzen dugu gaur egungo Eibar, lehengo Eibar industriala zuzenean bizi izan genuelako: taladrina usaina, burdinezko txirbilak, gainean etxebizitzak zituzten tailerrak…”, gogoratzen du Barrenak. “Gaur egun beste hiri bat dugu, seguraski erosoagoa eta politagoa, baina gaurko Eibar ulertzeko herria nolakoa izan zen jakin behar dugu”, bere  iritziz.

Eibartarrok Portalean dugu gure historiaz jabetzeko aukera eta, Barrenaren ustez, “gure historiaz harro sentitzeko” balio dezake bisitak. “Hain herri estu eta txiki batetik gauza asko ateratzeko gai izan garela ikusi daiteke museoan”, diosku.

Eibartarrontzat gure historiaren inguruan hausnartzeko balio badigu, Armagintza Museoa herriaren erakusleihoa da kanpotik datozenentzat. “Izan garena eta zer egin dugun erakusten du. Hau da, gure izaera islatzen du”, arduradunaren ustez.

Jatorri ezberdineko bisitariak izan ditu museoak. “Eibartarrak aldi baterako erakusketak egiten ditugunean etortzen dira batez ere. Gero, hotelera etortzen diren turistek ere bisita egiten digute. Eta bestetik, turismo-industriala egiten duen jendea etortzen da. Interes handia duen jendea da hau eta espresuki etortzen dira hona, ez da bat-batean sortzen zaien plan bat”, azpimarratzen du zuzendariak. “Hona ez dira bala galduak etortzen”, gehitzen du barrez.

Adinari dagokionez, umeei interesa pizten die museoak. “Armak eta umeak nahastea ez dirudi politikoki zuzena denik, baina asko dakitela ikusten dugu, bideo-jokoetan arma-jokoetan ibiltzen direlako”, diosku Barrenak.

Urritik ekainera eguaztenetik zapatura 16:00etatik 20:00etara irekitzen ditu ateak museoak eta domeketan 10:00etatik 13:00etara; uztailean eta irailean martitzenetik barixakura 16:00etatik 20:00etara; eta abuztuan martitzenetik barixakura 10:00etatik 13:30era. Sarreraren prezioa 3 eurokoa da, baina jubilatuek eta taldeek deskontuak dituzte, eta 7 urtetik beherakoak eta herriko ikastetxeetako taldeak doan sartzen dira.

Urtarrilean argazkilaritzari buruzko erakusketa amaitu zuten eta Ernest Hemingway idazleak Eibarrekin izan zuen harremanari buruzko erakusketa jarriko dute martxan laster. “Arma zalea zen eta hemen egindako bi eskopeta zituen. Bi edo hiru aldiz Eibarren egon zela dokumentatuta dago”, esan digu Barrenak erakusketara etortzeko gonbidapena eginez.

 

Museoa200-2 Museoa214-2Museoa220-2 Museoa225-2