[ATZERA BEGIRA] Udaltzainak pistolarekin irtengo dira kalera domekatik aurrera
Auzitegi Gorenak horrela erabakita, Eibarko udaltzainek pistolarekin egingo dute euren lana hemendik aurrera. Modu horretan orain dela lau urte hasitako prozesuari ematen zaio amaiera eta gurean ohikoa izan ez den irudia ikusiko dugu hemendik aurrera. 2018an udaltzainen sindikatu batek, Espainiako Segurtasun Indarren legea oinarri hartuta, armak erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen.
Horren aurrean Udalak ordura arteko bidetik jarraitzeko asmoa agertu zuen, delinkuentzia indizea ez zela igo aintzat hartuta, eta armak eramateko arrazoirik ez zegoela argudiatuta. Udaleko talde guztiek ziren eritzi horretakoak. Hainbat helegite tarteko, azkenean epaileen behin-betiko erabakia izan da gure herriko udaltzainak armekin irten behar dutela kalera.
Hori dela-eta, azken aldian hainbat formakuntza-saio egin behar izan dituzte Arkauten, maiatzaren 1eko data hori kontuan zutela. Gure herriko 44 udaltzainetik gehienek amaitu dituzte saio horiek; amaitzen dihardutenek maiatzaren erdialderako irtengo dira armarekin.