Atzoko itzalaldiak eragindako kaosa gaindituta, gaur goizean normaltasunez hasi dugu eguna
Eibarren, larrialdirik handiena Aldatzeko igogailu publikoan gertatu zen: argindarra eten zen unean igogailua erabiltzen ari ziren hamaika lagun bertan harrapatuta geratu ziren, eta hiru ordutik gora behar izan zituzten bertatik atera ahal izateko. Julian Etxebarria kaleko igogailuak 40 metroko altuera dauka, eta bide erdian zeudela geratu zen. Barruan sei haur eta bost heldu, tartean haurdun bat zeuden, eta kanpotik lasaitzen ahalegindu ziren arren, tarteka urduritasun uneak bizi izan ziren. Suhiltzaileak bertatik ateratzeko ahalegin ezberdinak egin eta gero, azkenean 15:30ak inguruan lortu zuten denak onik ateratzea, polea-sistema erabilita igogailua goraino igotzea lortu eta gero.
Hortik kanpora, beste edozein herritan gertatutako arazo berak izan ziren hemen ere: bidegurutzeetan seinaleak ipini zituzten udaltzainek, trafikoa erregulatu ahal izateko, eta askok laguntza behar izan zuten garajeetako ateak zabaltzeko. Argindarrarekin batera, Internet eta telefono-sarea ere jausi zirenez, Udaltzainek beraien artean komunikatzeko lehenagoko teknologietara jo behar izan zuten eta walkie-talkie bidez aritu dira gauean.