Atzotik salgai daude Oviedo-Eibar partidurako 650 sarrera
2023/03/28
09:20
eta kitto!
Zapatu gauean, 21:00etan hasita, Asturiaseko hiriburuko Carlos Tartiere zelaian jokatuko den SmartBank Ligako Oviedo-Eibar partidurako 650 sarrera salgai jarri ditu Eibar FT-k 20 euroko prezioan. Sarrerak atzo goizetik daude salgai Orsaixan-en, izendunak dira eta eskuratzeko unean bertaratuen izen-abizenak eta NANa aurkeztu behar dira. Salmenta eguenean, hilaren 30ean, amaituko da, eguerdiko 13:30ean.
Bestalde, partidu horretarako Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldearen asteko lan-plana honakoa da: gaur atseden hartuko dute, bihar 11:30ean Atxabalpen izango dute saioa eta etzi, ordu berean, Ipuruan jardungo dute, Eibarko azken entrenamendua osatzeko. Barixakuan Xixonen burutuko du partiduaren aurreko azken entrenamendua, Mareon 18:30etik aurrera.