"Aurre egin!" eta "Sokak" saritu dituzte Eibar Beldur Barik jaialdian

"Aurre egin!" eta "Sokak" saritu dituzte Eibar Beldur Barik jaialdian
2014/11/28 00:00
eta kitto!

Gaur arratsaldean (barixakua, hilak 28) Portalean egin den Eibar Beldur Barik jaialdian banatu dituzte herri mailako sariak: 12/17 urtekoen kategorian, saria "Aurre egin!" (Naia Saez, Eider Clavel, Malen Txurruka, Elene Gisasola, Elene Varela) lanak jaso du eta 18/26 urtekoen artean, berriz, "Sokak" (Marina Diez Arrizabalaga, Nerea Armero Garzon) saritu dute.
Aurten Euskal Autonomia Erkidego mailako lehiaketara Eibartik sei lan aurkeztu dituzte. Saritutako bi horiekin batera, 12/17 urtekoen kategorian "Matxismoaren kontrako neskak" (Maddi Beraza, Irati Marfull, Irati Bazkaran, Malen Esparza); eta 18/26 urte bitartekoen mailan, berriz, "Esnatu" (Miren Oteiza, Garazi Urzuriaga, Irati Arriola), "Itotzen" (Dani Ladrera, Irati Argomaniz, Marina Berraondo, Uxue Calvo, Maider Gil, Unai Ruiz, Garazi Cosano, Asier Perez) eta "More-More… & More!" (Nerea Armero, Nahia Fernandez). Jaialdian, sariak banatu aurretik sei bideoak proiektatu dituzte.
EAE mailako Beldur Barik lehiaketako sariak bihar (zapatua, hilak 29) banatuko dituzte Urola Garaian, Zumarragako Zelai Aristi kultur etxean eta Urretxuko Labeaga areto nagusian egingo den Topaketan. Edizio honetan 224 lan lehiatu dira, 123 lehen kategorian (12/17 urte bitartekoan) eta 101 bigarrenean (18/26 urte bitartekoan) eta bihar jakingo da epaimahaikoek saria jasotzeko aukeratutakoak zeintzuk diren.
Jendeak internet bidez emandako boto kopuruari begiratuta eman den herriaren sariarekin batera, lehiaketara aurkeztu diren lan guztien artean beste hiru sari ezberdin banatuko dituzte biharko jaialdian: lehen kategorian, lehen saria eta aipamen berezia; bigarren kategorian, lehen saria eta aipamen berezia; eta ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria. Sari banaketa ekitaldia 20.30etan hasiko da, Urretxun, baina horren harira antolatu duten egitaraua 16.00etan hasiko da, Zumarragan eskainiko diren tailerrekin ("Gure gorputzen jabe: hilekoa bizitzeko moduak", "Desiraren laborategia", "Autodefentsa feminista" eta "Rap feminista"). Topaketara joan eta etortzeko doaneko autobus zerbitzua eskainiko da.