Aurreko urteetako markak gainditu ditu 2024ko Zaporeak Lesbos proiektuak

Aurtengo errifen zozketaren berri ere eman zuten Zaporeak-ekoek
Aurreko urteetako markak gainditu ditu 2024ko Zaporeak Lesbos proiektuak
2024/03/27 12:48
eta kitto!

Atzo arratsaldean Urkotroniken instalazioetan egindako ekitaldian, aurreko zapatuan amaitu zen Debabarreneko Zaporeak Lesbos proiektuaren emaitzak kaleratu zituzten, eta antolatzaileak oso pozik azaldu ziren aurreikusten zituzten emaitzak goitik bete direlako. Jakinarazi zutenez, 13.000 eurotik gora jaso dituzte dagoeneko, “hori udal batzuetako partidak ez ditugula jaso oraindik”.

Bildutako produktuen arloan ere, “zenbat tona diren Donostian zenbatuko badira ere, badakigu iazkoa guztiz gainditu dugula”.
Ondoren, eskertzen arloari heldu zioten, eta hor ere zerrenda luzea aipatu zuten: “Hasteko, Debabarreneko biztanlego guztiari; baita Urkotronik-i ere, gu hartzeko izan duen eskuzabaltasunagatik, kafe eta guzti; aurten lagundu diguten boluntarioei, inoiz baino gehiago izan direlako, Debabarrenan ekipo bikaina osatzera eraman gaituena; erronkaren amaiera posible egiten duten sukaldari guztiei; eta, jakina, inolako pegarik gabe lagundu diguten zortzi Udalei”. Azkenik, kontuan izan zituzten baita babesle garrantzitsuenak ere: “Cartonajes Eibar, Baserria Km0, Bakalaos Alkorta, Eroski, Azkonizaga, Debegesa, Tekniker, Artisten Elkartea, Ederto Harategi Elkartea, Mecanizados Matxaria, Arat Hortz-Klinika, Ermuko Minbiziaren Elkartea, SD Eibar, Guridi, Eibarko Klub Deportiboa”.

Eta eskertzekin amaitzeko, honako hauek ere aipatu zituzten: “Zelan ez, eskualdeko ikastetxe eta jubiletxe guztiak, Juanma Cano eta Maite Lorenzo, Agustin Gomez DJ-a, Ikasten eta Kaleetan Kantuz-en parte-hartzea animazioan, ...eta kitto! eta Joseba Garcia maketazio eta hedapen lanarengatik, komunikabide guztiei gure berri emateagatik, kaxekin ibili diren inurritxo guztiei lan gogorrena euren gain hartu dutelako... Mundu guztiari, azken batean, eguneroko otordu duin baten alde egindakoarengatik... Erronka gainditua beste behin!”.

Aurrekoarekin batera, aurtengo errifen zozketaren berri ere eman zuten Zaporeak-ekoek, eta emaitzak honakoak izan dira:
– Sagarra jatetxeko afaria eta Elisabet Egurenen artelana, 597 zenbakiarentzat
– Salegi jatetxeko afaria eta Maite Zangituren artelana, 437 zenbakiarentzat
– Baratze jatetxeko afaria eta Esteban Orozen artelana, 2.104 zenbakiarentzat
– Belaustegi jatetxeko afaria eta Pepi Correaren artelana, 3.686 zenbakiarentzat
– Amatxi jatetxeko afaria eta Cristina Azpiriren artelana, 3.235 zenbakiarentzat
– Mendiola jatetxeko afaria eta Fernando Dosantosen artelana, 2.102 zenbakiarentzat
– Kontent jatetxeko afaria eta Mauri Martinen artelana, 2.737 zenbakiarentzat
– Landa jatetxeko afaria eta Esther Galarzaren artelana, 2.468 zenbakiarentzat

Errifak erosi dituztenekin bakarrik, Zaporeak-eko antolatzaileen esanetan, “5.100 euro jaso ditugu, hau da, Lesbosen bi egunerako bazkaria egiteko lain”.