Aurreko zapatuan Araia-Ziordia ibilbidea egin zuten Deporreko mendizaleek
Horrela kontatzen digute bost ordu inguruko ibilaldia: Deporreko hogei eta sei mendizale atera ginen Arabako Araia herritik Nafarroako Ziordiara iristeko asmoz. Eguraldia nahikoa narras, tarteka euria. Ordekan ibili ginen Aizkorri-Aratz mendikatearen jarraipenerantz gindoazela zenbait kilometro (La) Leceako haitzuloaren azpira iristeko. Behetik gora hasiko gara azkar; kateak igoeran mendizalearen lagun izan litezke egun hezeetan. La Lece delakoak aho handia erakusten du, barrutik daraman errekan behera barne, ikuskizun paregabea erakutsiz, abenturazaleentzako eszenario paregabea. Laster baina hura gainditu eta Olano Handiaren tontorraren bila joango gara. 1.082 metro inguruan dago erpina, hura igo eta hurrengoa Olano Txikia izango da. Haiek gainditu ondoren, jaitsi egingo gara, eta aurrean basoaren ostean dagoen Arbarraingo gailurrerantz abiatuko (1116 metro). Antena erraldoia gailurrean eta hiru probintzietako (Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa) ezaugarriak dituzten plakak ikusiko ditugu. Baso ederrean pago-tantai bikainekin gozatuz eta ehiztarien txaboletatik pasatuz, bihurgunez beterik doan pistan behera joko dugu Ziordia herrira iritsiz, bosten bat orduko ibilaldia amaituz.