Autobus-linea eta ordutegi eguneratuak ipiniko dituzte markesinetan
Debabarrenean garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoari jarraituta, eskualdeko 8 udalek eta Debegesak garraio publikoaren mapa osatu dute eta bertan garraio publikoaren ordutegiak eta linea ezberdinen gaineko informazio eguneratua eskainiko zaie herritarrei. Ekimena Debabarreneko Mugikortasun Mahaiaren proposamenari jarraituta ipini dute martxan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzarekin eta mapan agertzen den informazioa Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak editatu du. Nahi duenak, gainera, www.debegesa.com helbidean eskuratu dezake mapa (pdf formatuan eta inprimatzeko moduan). Horrez gain, bakoitzak bere udaletxean (Eibarren, Pegoran) edo Debegesako bulegoetan (Azitaingo industrialdean) eskatzeko aukera izango du. Horrekin batera, eskualdeko markesina nagusietan ere informazio-taulak jarriko dituztela iragarri dute: Eibarren, Armeria Eskola parean, Bidebarrietan, Egogain 1ean, Egogain 2an eta Urkizun ipiniko dituzte.