Auzo-bilera izango da gaur Coliseon erdialdeko bizilagunentzat
2023/11/14
09:51
eta kitto!
Urtero egiten diren auzo-bileren egutegiaren bigarren saioa egingo dute gaur Coliseo antzokian, Udaleko ordezkariak erdialde-behealdeko bizilagunekin elkartzeko. Beste bilera guztiak bezala, hau ere 19:00etan hasiko da. Herritarren parte-hartze prozesuetan planteatutako proposamen, kexa edo iradokizun guztiak udal-gobernu taldeak eta udal-teknikariek aztertuko dituzte. Proposamenak udal-plangintzan sartzeko, aldez aurretik haien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu beharko da.
Udal-ordezkariak hauek izango dira: alkatea bera, tokian tokiko auzozaina, udaltzainburua, eta Zerbitzuetako, Obrako eta Hirigintzako zinegotziak eta teknikariak, horiek baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak. Halaber, Ertzaintzako hurbiltasuneko agente bat eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkari bat izango dira bertan, herritarren segurtasuna, hondakinen bilketa eta bide-garbiketa aztertu ahal izateko.