Auzoari bizitza eman eta auzokideak omentzeko egitaraua prestatu dute eguenerako Azitainen
2023/12/18
18:58
eta kitto!
Eguen honetarako programazio berezia prestatu dute Azitaingo bizilagunek, iraganeko jaiak eta giroa gogoratu eta auzoari bizitza emateko. Belaunaldi ezberdinetako lagunak aritu dira egitasmo horren antolakuntzan, eta barixaku goizean aurkeztu zuten egitaraua Aitor Alberdi, Carlos Abad, Josean Urkia, Elena Egiguren eta Asier Quintana auzokideak. Hilaren 21eko egitaraua 17:30ean hasiko da, Gure Kaiola tabernan. Bertan, Lorea Urkiak, Sara Abadek, Ainara Vilak, Jon Cidek, Leire Cabok eta Hegoi Estebanek ongietorria emango diete bertaratzen direnei. Jarraian, Julio Zalabardo eta Anartz Esteban auzoko trikitilariek lagunduta, elizaraino joango dira kalejiran. Behin elizan, 18:00etan, Jon Iraola alkateak diplomak emango dizkie Azitain auzoa ezagutzera ematen lagundu dutenei. Ondoren, Lorea Urkiak Azitaingo enbaxadoreak eta euren proiektuak aurkeztuko ditu eta, gero, maila handiko ikuskizuna eskainiko dute Andrea Gonzalez Caballerok, Jon Larreategi Abadek eta Jesus Bastidak. Horren ostean, 1978. urteko jaietan grabatutako bideoa emango dute, sasoi hartako giroa nolakoa zen gogoratzeko eta, bide batez, auzokideak omentzeko. Eta amaitzeko, Azitaingo Lanbide Heziketako Eskolara bisitan joateko aukera egongo da, baita bertako ikasleek prestatutako pintxoak probatzekoa ere.