Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Debabarrenean ibili da
Bertako turismo-ordezkariekin eta alkateekin batera egindako bisitan, gaur egungo beharrak aztertu zituzten, eta turismoaren jasangarritasuna, kultura eta tokiko tradizioa bezalako gaiak jorratu zituzten. Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren berbetan, “eskualde bakoitzeko txoko erakargarriak, haien indargune eta beharrak bertatik bertara ezagutzea eta alkateekin eta turismo-ordezkariekin zuzeneko harreman etengabea izatea funtsezkoa da lurralde osoko egungo beharrak ulertu ahal izateko, baina baita turismo-estrategia egoki bat bultzatzeko ere. Estrategia horrek jarduera desestazionalizatzea eta deslokalizatzea eskatzen du, turismo-industriak gure lurraldean sortzen duen aberastasunak onura ekar diezaion geroz eta gipuzkoar gehiagori”.
Diputatuaz gain, atzoko topaketan Soraluzeko, Eibarko, Mendaroko eta Debako alkateek (Unai Larreategik, Jon Iraolak, Enetz Ezenarrok eta Alazne Txurrukak, hurrenez hurren) hartu zuten parte. Ekitaldira bertaratu dira, era berean, Aitziber Cortazar eta Juan Angel Balbas, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziaren ordezkariak, eta Patrizia Marzana, Armagintzaren Museoko teknikaria.
Eibarko Armagintzaren Museoan hasi zuten bisita. Bertan, harrera labur bat izan zuten lehenik, eta eskualdea turismo-helmuga bezala aurkeztu zuten jarraian. Museoa bisitatu ostean, Ipurua estadiora joan ziren. Behin bisita amaituta, Mendarora joan ziren, eta txokolatea egiteko erabiltzen duten errota ikusteko eta bertako txokolate ezagunak dastatzeko aukera izan zuten. Elgoibarren amaitu zuten topaketa, Makina-Erremintaren Museoa bisitatuta.