Azaroaren 16an, zapatua, XX. Eskola arteko bakailao lehiaketa egingo da
Ekitaldia 10:30ean hasiko da Errebal Plazan, eta 40 bikotek hartuko dute parte
2024/11/13
11:05
eta kitto!
San Andres eguna ate joka daukagu eta zapatu honetan, azaroak 16, Errebal Plazak XX. Eskola arteko bakailao lehiaketa hartuko du. Ekitaldia 10:30ean hasiko da.
Eibarko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako, hau da, Eibar BHIko, Aldatzeko eta La Salle Azitaingo ikasleak elkartuko dira aurten 20. edizioa beteko duen ekitaldian. Bi adin-tarte ezberdineko txapelketa egongo da:
- DBH-ko 1. eta 2. mailako ikasleak.
- DBH-ko 3. eta 4. mailako ikasleak.
Antolakuntzak jarritako osagaiak (Bacalaos Alkortak emandako bakailao kilo bat eta Unzante olio birjina estra) egunean bertan banatuko dira. Parte hartzaileek berakatzak eraman beharko dituzte, eta pipermina eta gatza ere onartuko dira. Bakailaoa prestatzeko behar diren tresnak, kazuela barne, bikote parte hartzaileek eramango dituzte; saltsa egiteko tresnak ere erabili ahalko dira, hala nola hagaxkak edo barillak, iragazkiak... Bakailaoa pil-pilean eginda entregatuko da.
Sari hauek banatuko dituzte:- DBH-ko 1. eta 2. mailako irabazleentzat. 200€ bikotearentzat. Garaikurra.
- DBH-ko 3. eta 4. mailako irabazleentzat. 200€ bikotearentzat. Garaikurra.